LOREAK

_A3A3049.jpg_A3A3008.jpg

Moriarti ekoiztetxea Trintxerpeko industri ingurune batean dago. Barruan ere, lan mahaiek, ordenagailuek, paper piloek eta hormetako posterrek amore gutxi ematen diote itxurari, hona lan egitera etortzen dela aldarrikatu gura balute moduan. Zain dauzkagu Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño, Loreak filmeko zuzendariak. Beste Moriarti kideak, Jorge Gil, Aitor Arregi eta Xabi Berzosa, nonbait dabiltza, hurrengo errodajearen inguruko prestakizunetan. Honexetaz ere, etorkizunaz, mintzatzeko asmoz etorri gara.

Urte betetik gora da Loreak estreinatu zenetik. Urtebete arrakastatsua, Euskal Herriko takilean alde batetik, zinemaldietan bestetik, orain Oskar sarietarako hauta-tzea… Baina Espainia mailan nola funtzionatu du, besteak beste euskarazko filma dela kontuan hartuta? 

JON GARAÑO: Gure aurreko filmek baino hobeto funtzionatu du, hala ere Espainian gutxi ikusi da Loreak, Madril edo Bartzelonan hobeto baina gainontzean gutxi. Kontuan hartu beharra dago mota honetako filmak gu-txiago ikusten direla beti, adibidez Magical Girl filmaren antzeko emaitzak izan ditugu, beraz hein batean ez da harritzekoa baina, noski, askoz jende gehiagok ikustea nahi genuke.

JOSE MARI GOENAGA: Jakina, aurreko filmekin konparatuta askoz hobeto funtzionatu du, hala ere beti muga bat nabaritzen da. Alde batetik, Espainian filmak jatorrizko hizkuntzetan ikusteko ohitura falta dago, baina bestetik, estatuko filma izanda, gazteleraz ez den beste hizkuntza batean dela kosta egiten zaie ulertzea, eta sarritan galdetzen dizute ea zergatik ez duzun gazteleraz egin.

 

Eta emaitza emozionalaz mintzo, zuek garrantzia handia eman zenioten jendeak filma “etxera eramateari” eta hausnarketa egiteari. Hori zenbateraino bete dela esango zenukete?

GARAÑO: Zaila da neurtzea baina jendeak kalean gelditu eta zoriontzen gaituenean, edo medioetan iritzi baikorrak idazten dituenean, pozik egoteko modukoa da. Baina, noski, film bat egiten duzunean arrisku batzuk hartzen dituzu eta emaitza ez da mundu guztiaren gustukoa izango. Inori hotzegia edo aspergarria irudituko zi-tzaion Loreak, eta film bat “etxera eramateko”, lehenik disfrutatu beharra dago.

GOENAGA: Baina, oro har, pozik gaude, jende askok esan digulako filmak pentsatzeko eta hausnartzeko bidea eman diela, eta guretzat pozgarria izan da. Baina, bestalde, honek badu alde deseroso samarra. 80 Egunean egin genuenean bagenekien zein zen targeta, zer ikusle motari gustatuko zitzaion, baina Loreak-ekin beti da misterio bat: gazteen artean, nagusien artean, emakumeen edo gizonezkoen artean batzuei gustatzen zaie eta beste batzuei ez. Beraz, deserosoa eta aldi berean polita.

 

Bigarren luzemetraia elkarrekin zuzendari lanetan. Bietako rol nagusiak emakumeak dira. Zaletasun edo gustuen kontua izan da, ala istorioa lantzeak hala ekarri duelako? 

GARAÑO: Gehiago izan da bigarrena, istorioak hala suertatu direlako. 80 egunean nire bi lagunen istorioan oinarritzen da, eta Loreak-en kasuan amatasunaren gaia lantzen dugu. Baina kasualitatea da, gure hurrengo filmean gizonezko protagonistak daude, eta gure aurreko lanetan denetarik dago.

GOENAGA: Loreak-en, gainera, ahaztura eta oroimena gai orokorrak badira ere, loreak beti lotuagoak izan dira emakumeekin, apur bat sexistatzat har daiteke baina tradizionalki hala izan da. Eta, amatasunaren gaiaz gainera, menopausiaren gaia ere jorratzen dugu.

 

Intimismoa da bi filmen ezaugarri nagusia. Hori ikuspegi artistiko baten isla da, ala alderantziz aukera pragmatiko bat, hau da, halako zinema egiten duzuela orain eta hemen egin daitekeena delako?

GARAÑO: Nik, bat-batean esanda, argi daukat halako ideiak barrutik ateratzen zaizkigula, gure gustukoa den zinema egiten dugula. Baina, bestalde, beharbada inkon-tzientean badaukagu pragmatismo hori, beraz, pentsatzen jarrita, duda gehiago izango nituzke.

GOENAGA: Bien nahasketa dela uste dut. Alde batetik, genero batzuk baztertzen ditugu aurrekontuen aldetik beldurra ematen dutelako, baina, bestetik, egiten duguna barrutik ateratzen zaigula uste dut. Ideia asko sortzen dira, eta asko bazterrean geratu, baina beti dago bat hor geratu eta aurrera egiten duena, eta hori benetan senti-tzen duguna da.

 

Edozelan ere, zuen bion zuzendari moduko lanak ikusirik, askotariko gaiak eta ikuspegiak daude, ez beti hain intimistak. Bakoitzaren eginkizuna joera pertsonalen arabera banatzen duzue Moriartin?

GARAÑO: Egia da eginbeharrak txandakatzen ditugula, baita bakoitzak bere zaletasunak dauzkala. Ni, adibidez, dokumentalen zalea naiz eta joera hori daukat, etorkizunean genero horrekin jarraitu nahi nuke.

GOENAGA: Nire kasuan zaila da esatea joera pertsonala non amaitzen den eta talde dinamika non hasi. Gure artean erraz nabaritzen dugu nork idatzi duen zer, baina, kanpora begira, talde bezala estilo berezi bat osatuz goazela pentsatzen dut, denbora igaro ahala beharbada nabarmen bihur daitekeen estilo bat.

 

Behin filma planifikatzen hasita, eta gero errodajean, nola banatu duzue lana? Inork aktoreen lana zuzentzeko, edo eszenak planifikatzeko zaletasun handiagoa dauka, esaterako?

GARAÑO: Egia da errodajeetan niri asko gustatzen zaidala kamera eta alderdi teknikoarekin ibiltzea, eta Jose Marik aktoreekin disfrutatzen duela, baina horrek ez du esan nahi lana bitan banatzen dugunik. Biok arlo guztietan parte hartzen eta erabakitzen dugu, eta horretarako aurre-produkzioa oso garrantzitsua da, aldez aurretik planoak eta dena elkarrekin erabaki eta dokumentu konpartitu bat edukitzea.

GOENAGA: Bai, prozesu guztia modu horretan egiten dugu, gidoiak idazterakoan gauza bera, proiektu bakoitzean beste norbaitek idazten du lehen bertsioa eta gero denok eskua sar-tzen dugu, sistema hori gustatzen zaigulako, baina nik gehiago sufritzen dut idazten beste ezertan baino, metodologia eta diziplina falta zaizkit.

 

Inoiz esan duzue gidoiak idazterakoan eragin nagusiak Hitchcock eta Kieslowskirengandik datozkizuela. Hori filma planifikatzeko orduan ere hala da?

GARAÑO: Egia da, batez ere Jose Mari oso Hitchcock zalea da. Edonola ere, gaiaren aldetik Loreak-ek zerikusi handiagoa du Kieslowskirekin, eta, planifikatzeko orduan, denetik apur bat dago: beste filmetako fotogramak, edo guk ateratako argazkiak, edo margolanak (Edward Hopper esaterako). Horren gainetik gero koherentzia bilatzen dugu, argi edukitzea sekuentzia bakoitzean zer kontatu, pertsonaien inguruko espazioari arreta egiten diogu eta, Loreak-en batez ere, off-en dagoenari ere bai.

GOENAGA: Hitchcock hor dago, bai, baina hau ez da suspensezko film bat. Eragina nabari da, horretan baino, informazioa tratatzeko moduan, pertsonaia bakoitzak une batean zer dakien eta zer ez dakien erakustean. Beraz, planifikazio hutsa baino, sekuentzia bakoitzean zer ikuspegi hartzen dugun izan da gakoa. Horretaz gainera, eraginak sarritan ez dira kontzienteak, gerora konturatu gara, esaterako, zein antzekoak diren gure Lourdes eta Kieslowkiren filmeko Juliette Binocheren pertsonaia.

 

Orain Oskarretarako bidea hartu du Loreak-ek. Oraindik goiz da azken hautagaietan izango den jakiteko, baina Estatu Batuetan banatzen hasi da, ezta? 

GARAÑO: Bai, New Yorken lehenik, gero beste hiriburu ba-tzuetan, Miami besteak beste, eta azkenik Los Angelesen. Egia esan, opari ederra izan da guretzat, baina, beste aldetik, hurrengo filma prestatzen harrapatu gaitu eta, nonbait, despistagarria da, hango kritikak eta begira ibiltzeko tentazioa ematen du.

GOENAGA: Baina oso konpetentzia fuertea dago, 81 film dira. Hortik lehenik 9 geratuko dira bakarrik, “short list” deritzona alegia. Hau Abenduan jakingo da, eta gero, Urtarril erdi aldera, 9 film horietatik 5 hautagaiak aukeratuko dira.

 

Eta, halako arrakastak zer nolako eragina izango du zuen lanean?

GARAÑO: Loreak ate berri asko irekitzen ari da, Estatu Batuetan eta beste herri batzuetan interesa piztu du, film beraren banaketarako baita gure etorkizunerako ere bai.

GOENAGA: Pixka bat arduragarria da. Jendeak oraindik Jonek eta Jose Marik osatzen dugun bikotea ikusten du, baina gurea talde proiektua da, Moriarti taldearena, ez bi lagunena. Adibidez, gure hurrengo filma, Haundiya, Jonek eta Aitor Arregik zuzenduko dute eta nik gidoian parte hartuko dut. Modu horretan, denbora emanda jendeak gure talde lanaren berri ikasiko dugula espero dut, eta gu biok presio horretatik pixka bat askatuko garela.

 

Loreak euskal zinemaren loraldiaren ikurtzat hartua izan da. Benetan uste al duzue loraldi batean bizi garela? Eta, hala bada, zer nolakoa eta zer etorkizun mota ikusten diozue euskal zinemagintzari?

GARAÑO: Loreak-ek titular handi batzuk sortu ditu, eta horrek lagundu du denen arreta gure zinemagintzaren gainera erakartzen. Egia da herri txiki batek ezin dituela film asko eman, beraz gurean ere urte batzuetan onak aterako dira eta bestetan ez hain onak, baina, oro har, maila handia ematen ari gara azken urteotan. Betiko iraungo duen ala ez, goza dezagun iraun artean.

GOENAGA: Bai. Herri honetan mugarriak jartzearen zaleak gara, eta Loreak mugarria izan daiteke, baina nire ustez euskal zinemagintzaren gorakada arinago hasi zen, Aupa Etxebeste-rekin. Gure osasunari dagokionez, ukaezina da gaur egun, gure artean, denetarik egiten dela bai estiloen baita generoen aldetik ikusita, heldutasunera heltzen ari gara.

 

2016-06-09 13.28.46.png

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s